© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2017/01/07

Aritxulegiko bide berrietan eskalatzeko baimenaren espero zegoen jendea. Cesar Atorrasagasti, Juanillo Regatos eta lagunak lan itzela hartu dute eskalada eskola berri hau garbitzen eta ekipatzen. Eskolak eskalada egun eder batez gozatzeko bide pilo bat eskaintzen ditu, gehienak zailtasun baxu-ertainekoak.
Entzun dudanez Cesar eta lagunak “Basurdeen begiratokia” bidea ekipatzen ari zirenean plaka hauetan arreta jarri zuten. Bidearekin jarraitzeko eta gorago amaitzeko aukera ematen zuela ohartu ziren. Dagozkion baimenak eskatu ondoren, arroka garbitzen eta aztertzen hasi zirenean, hasieran uste zuten baino aukera askoz gehiago zeudela ohartu ziren. Horrela lerro berriak diseinatzen hasi ziren alboko, beheko eta goiko plaka eta bloketan eta, ia ohartu gabe, asko erabiliko den eskalada eskola berri oso bat eraiki dute. Lekua luxuzkoa da. Bere orientazioagatik urte osoan eskala daiteke. Arroka lehortuta egotea da baldintza bakarra. Ekipamendua ere luxuzkoa. Dena kimikoekin eta bilgune on eta sendoekin. Azkenik arroka. Aiako Harriko granito zaharrak jendea disfrutatu araziko du. Arroka noblea, trinkoa, itsasgarritasun handikoa eta euste leku aldetik aberatsa, denetatik duena da.

Bide hau bere lehenengo urte honetan hainbeste errepikatu den “Basurdeen begiratokia” bidearen jarraipena da. Bideei emandako zenbakiengatik eskolako krokisean bidea ez da gehiegi nabaritzen, zertxobait oharkabea geratzen da. Bigarren zati hau lehenengoa baino motzagoa da, baina mantenduagoa da 3 plaka handi, bat bestearen atzean, kateatzen direlako. Aipatzeko zailtasun bakarra, L7ko sabaia da. Beste guztia gozatzeko eskalada da.
Lehenengo zatiarekin konbinatuz 9 luzeko bidea irteten da. Gogoarekin geratzen bagara, eskolan dauden beste edozein bideekin eskalada eguna luzatzeko aukera dago. Eskolari buruzko informazioa (bideak, zailtasuna … etab) Club Vasco de Camping elkarteko webgunean (hemen lotura) aurki dezakegu. Elkarteak ekipatzeko materialarekin lagundu du eskola eraikitzen. Dagokion baimenik gabe bide berriak ireki eta ekipatzea debekatuta dago.

Iristeko: Oiartzunea joan eta Lesakara (Arditurri bezala ere adierazita dago) daraman GI-3420 errepidea hartu. Ergoien auzoa zeharkatu eta Aritxulegi mendate aldera igo. Aterpearen aparkalekuan edo tunelaren alboan jaiotzen den pistan kotxea aparkatu.

Hurbiltzeko: Lerro elektrikoaren bigarren dorreraino bidetik igo oinez. Erroilbidera daraman bidetik igotzen jarraitu sabai handiaren parera iritsi arte. Bidea sabai handitik metro batzuk eskuinera hasten da. Gure bidea ezker ezkerrean dagoen kimiko lerroa da. Kotxetik guztira 20 min inguru behar dira hurbilketan.

L6 (30 m, 5 aseguru, 4c). Ezkerreko aldean dauden euste lekuekin ongi igotzen den horma bertikala hasieran. Ondoren euste leku pilo bat dituen plaka etzan zati bat. Plaka bere azken zatian, jaisteko bilgunearen inguruan, zertxobait tentetzen da. Bertan bilgunea egiteko aukera dago, baina hobe da igotzen jarraitzea. Luzeak ezproi etzan moduko batetik jarraitzen du eta erlaitz belartsu handi batera irtengo gara. Bertan dago bilgunea (2 kimiko).
L7 (20 m, 5 aseguru, 5a). Bilgunetik bost metro ezkerrera plaka bertikal bati ekiten dion kimiko lerro bat dago. Bertatik igo. Bigarren eta hirugarren aseguruen artean estutu behar den sabaitxo bat dago. Bideko zailtasun aipagarri bakarra da. Zati hau gainditu ondoren plaka etzan egiten da eta zailtasuna jaitsi egiten da. Bilgunea aurkitzeko bosgarren asegurutik ezker aldera jo behar da (2 kimiko).
L8 (20 m, 5 aseguru, 4a). Sabaitxo baten azpian jartzeko plakatxo bat hasieran. Sabaitxoa ongi gainditzen da euste leku onak dituelako. Ondoren plaka etzaten joaten da bilgunea baino metro batzuk lehenago ia guztiz etzan arte (2 kimiko eta parabolt 1).

Lurra lehorra badago, katuak kendu gabe oinez 60-90 metro inguru egin eta, hesi bat gainditu ondoren, azken haitzaren oinarrian ipini (2 min).

L9 (20 m, 4 aseguru, 4a). Azken luzea haitzaren ezkerreko erpinetik igotzen da. Ezproia euste leku eta bolo kamutsez josia dago. Bidearen azken gozamena da. Ezproitik irteterakoan bilgune bat aurkituko dugu 2 kimikoz osatua. Zertxobait deserosoa da. Hobe da aurrera jarraitu eta 5-8 metro aurrerago dagoen beste bigarren batean bilgune erosoago bat egitea, hau ere bi kimikoz osatua.



Jaitsiera: Oinez Erroilbideko bidetik. Azken bilgunetik 25-30 minututan garagardo hotz batez disfrutatzen egongo gara aterpean.

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan, ez dira behar.
Arroka: Itsasgarritasun handiko granito zaharra.
Orientazio: Hegoa.
Iraupena: 1h15min.
Nork ekipatua: Cesar Atorrasagasti eta Juanillo Regatos, 2016 urtean  Iñaki, Victor, Alberto eta  Anderren laguntzarekin.

Materiala CVCE elkarteak jarri du.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario