© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/01/19

Montserrateko gorro ezagunetariko batera, Gorro Frigiara, igotzeko nahiko bide erraza. Bidea zailtasun aipagarririk gabeko plaka etzanetatik doa. Oso ongi ekipatua dagoenez, eskaladaz gozatzen da. Pixkanaka altura hartzen da eta, ia konturatu gabe, gorroaren gailurrean zara. Montserrateko monasterioa azpian dugula gailurreko argazkia gurutzearen alboan atera eta behera. Jaisteko bi aukera daude. Gorro Frigia jaisteko "ohiko" bidetik edo igo dugun bidetik rapelatzen. Bideak bilguneak horretarako prestatuta ditu (kate batekin elkartutako 2 parabolt eta eraztunez hornituta daude).
Bidea motza egiten da. Gehiago egiteko gogoarekin geratzen zara. Guk ezin izan genuen gauza gehiago egin berandu egin zitzaigulako, baina norbait gogoarekin geratzen bada, lepora jaitsi eta bidearen ezkerrean geratzen diren beste hainbat bide egin ditzake (adibidez "Joan Marc" bidea). Bide honen pareko zailtasuna dute eta oso ongi ekipatuak daude.

Iristeko:  Hurrengo sarrera  ikusi (Montserrat).

Hurbiltzeko: Sant Joan funikularreko goi-geltokitik Sant Jeronira doan bidea hartu. Gorro Frigiaren ipar hormara iritsi baino metro batzuk lehenago lepo aldera igotzen den bidezidorra ikusiko dugu. Aldapa motz, baina tentea dugu aurrean. Arnasarik gabe iritsi nahi ez badugu lasai hartu igoera. Igotzen hasi eta berehala higatuta dagoen plaka etzan bat aurkituko dugu. Pasagunea kate batekin babestuta dago. Funikularreko goi-geltokitik Magdalena Superior eta Gorro Frigiaren arteko lepora iristeko 20-25 min. inguru behar dira. Beste aldetik bidearen hasieraren bila jaitsi (beste 3-4 min gehitu). Txapa gorriak dituen lehenengo lerroa da. Hasierako bilgunean (R0) bi parabolt ditu. Inguruko mapa eskematikoa aztertzeko ikus Montserrat (2).

L1 (25 m, 7 aseguru, 3c). Lehenengo metroak oso ongi ekipatutako hormatxo batez osatuak daude. Gero etzan egiten da eta plaka etzan batetik igotzen da bilguneraino.
L2 (20 m, 4 aseguru, 3b). Plaka etzana. Luzeko bigarren zatian apur bat bertikala den tartetxo bat dago.
L3 (30 m, aseguru, 3c). Erdi aldera apur bat bertikala den tartetxo bat duen plaka etzana. Gero berriro ere plaka etzana.
L4 (25 m, 7 aseguru, 3c). Plaka etzana. Amaieran, zuhaixkaren atzean dagoen hormatxoa gainditzeko, apur bat bertikala den zatitxo bat du. 





Jaitsiera: Jaitsiera apur berezia da eta deskribapen osoa sarrera honetan aurkituko duzu.
Kontuz! Aldaketa txiki bat dago. Lehenengo zatian zeuden kateak kendu egin dituzte eta, orain, rapel instalazio on bat jarri dute. Bi kimiko katez lotuak. Rapel motz batek lehenengo erlaitz handian uzten gaitu. Hortik beti bezala jaitsi behar da: kate eta kablez hornitutako destrepea, ondoren oinez jaisten den zatia eta, azkenik, kate batez babestuta dagoen beste zati batek lepoan uzten gaituzte.


Materiala: 7 zinta + bilgunera materiala. Friendsak eta fisureroak soberan daude. Irteerako zuhaixkan ipintzeko ongi etor daiteke zinta luze bat.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: hegoa.
Iraupena: 1h.

Nork irekia: Jordi Pazos "Brasil", apirila 2009.

Cambiar idioma (Castellano)


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario