© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/04/21

Arroka oso oneko bidea eta ongi ekipatutakoa. Beheko partean bi luzeko bideak daude eta bidea leku desberdinetatik hasi daiteke. Guk horman dagoen zulo handiaren ezkerretik hasi ginen. Beste erreferentzia batzuetan eskuinetik jartzen du. Bigarren luzean bilgunearen eskuinetik dagoen lerroa jarraitu genuen. Hasieran horma bertikal bat du, nire iritziz 5b mailakoa. Hainbat erreferentziatan bigarren luze honi 4c maila ematen diote. Bilgunearen ezkerretik beste parabolt lerro bat ikusten zen. Agian hortik jota 4c irteten da. Ez dakit.
Lehenengo luzearen hasiera nahiko higatua dago pasa den jendetzagatik. Hala ere ongi babestuta dago. R3bis bilgunera iristerakoan bidea uzteko aukera dago (ezkerretik). Bilgunean ginenean bideren batetik igotako turista despistatu bat (mutik gazte bat) agertu zen handik. 70 metroko sokekin (edo 60 metrokoekin, baina larri-larri) luzeak binaka elkar daitezke.

Hurbiltzeko: Funikularraren goiko geltokitik Sant Jeroniko bide berria jarraitu (eskema eta Montserrati buruzko informazio gehigarria hemen). Bidea horman dagoen zulo deigarriaren parean hasten da.

L1 (20 m, 6 aseguru, 5c edo 4c/A0). Arroka higatua duen sarrera gogorra. Estutu behar da. Amaiera aldera beste zatitxo bertikal bat non alde batera eta bestera ibili behar da euste-leku onenak bilatzeko. Azken asegurutik (kimikoz osatutako deskuelgea) horizontalean ezkerrera 5 metro inguru egin behar dira bilgunera iristeko.
L2 (25 m, 6 aseguru, 5b). Eskuineko lerroa aukeratu genuen, baina beste bat ikusten da ezkerrean. Estutu beharra dagoen horma bertikala hasieran, gero apur bat etzan egiten da eta hobeto eramaten da bilguneraino. Bi metro eskasez banandurik 3 bilgune aurkituko ditugu. Aukeratu nahi duzuena.
L3 (35 m, 6 aseguru, 3b). Ezkerreko lerroari jarraitu genion. Plaka oso etzana eta oso ongi ekipatua. 25 metro ingurura bilgune bat aurkituko dugu, baina hobe da erlaitz belartsuraino jarraitzea. Azken hamar metroak asegururik gabe, baina zati erraza eta oso etzana da.
L4 (25 m, 2 aseguru, 3c). Plakatik igo erlaitz batera. Bertan zerbait jartzeko aukera dago arroka-zubi kaxkar bat baitago. Bilgunea aurkitzeko metro batzuk gehiago igo, justu sabai handiaren azpiraino (bere ezkerreko erpinean dago).
L5 (30 m, 6 aseguru, 4c). Ezkerrera horizontalean irten eta ondoren igotzeko joera agertzen duen zeharkaldia egin behar da (bigarren eta hirugarren aseguruen artean urrutiratzea). Ondoren zati bertikal bat, oso aereoa, baina euste-lekuekin.
L6 (15 m, 2 aseguru, 4b). Euste-leku onak dituen plaka bertikala. Azken metroetan, gailurrera irten baino metro batzuk lehenago, arroka zertxobait hautsia dago.



Jaitsiera:  Apur bat igo eta gure ezkerrean bidezidor baten arrastoak nabarituko ditugu. Bertatik jaitsi eta terraza erraz baina pixka bat arriskutsua den batetik flankeo bat egin (ezkerretik eskuin aldera). Bidezidortxo batetik rapel instalazioraino jaitsi (3 parabolt kate batez elkartuak). 20 metro inguruko rapel etzan batek lurrean uzten gaitu. Magdalena inferior eta Gorra Marinera artean dagoen eskaileratik jaitsiz berriro gara 5 minututan Sant Jeroniko bide berrian.

Materiala: 6 edo 12 zinta, luzeak banaka edo binaka egiten ditugunaren arabera + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar, soberan.
Arroka: Sarreran izan ezik, kalitate oneko konglomeratua.
Orientazioa: Ipar-ekialdea
Iraupean: 1h50min


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario