© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/08/10

Bere albokoa den “Valle de Canfrac” bidearen antzekoa, baina motzagoa. Aseguruak gertu dituen “eskola” moduko ekipamendu batekin bidea oso ongi ekipatua dago. Baten bati ekipatuegia dagoela irudituko zaio agian, baina beti geratzen da aseguruak saltatzeko aukera. Bidearen egileei, zorionak egin duten lanagatik. Zati belartsu batzuekin mendiko eskalada bidea da. Zati horiek, erortzen bazara okerrenak direnak, ongi babestuak daude ere. Eskertzekoa da zeren ez da oso ohikoa izaten hori.
Bidea ongi berezitutako bi zatitan bana daiteke. Lehen zatiak, L2tik L7ra doana, arroka onean, zati batzuk bertikalak eta beste batzuk itsasgarritasun plakazkoak ditu. Bigarren zatia azken luzeek osatzen dute. Zertxobait belartsua da (harmailak eta plakatxoak) eta batzuetan arrokarekin arreta pixka bat izan behar da (gehien bat behekoari ez ezer botatzeko). Klasiko handi batean bihurtuko da eta jende askok errepikatuko du. Denbora aurrezteko lehen luzea saihestu daiteke ezkerreko erlaitz belartsuetatik igoz (oinez).
Aipatzeko zailtasunak L6 eta L7an daude. L6 luzeko hasierako horma lehenengo 3-4 aseguruetan  eskalatzen uzten da (hala ere, nahi bada, A0 modura ere egin daiteke) eta gero estutu egin behar da (modu askean izan daiteke), baina A0 modura, oso modu erosoan egiten da (asko luzatu gabe), aseguruak metro erdi eskasengatik banatuta daude eta. Ondoren 5a-ko pasagunetxoren bat duen 4b/c zailtasuneko luzea da. Zazpigarren luzea, eskalatzen uzten den horma baten ondoren, itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka handi batekin egiten da topo. Oinetan fidatu behar den eskalada da. Plakak euste leku txiki ugari ditu, inklinatuak eta lauak, onak oinetarako, baina ez eskuentzako trakzioa egiteko oso txarrak baitira. Txapen artean eskalatu egin behar da, baina aseguruak ez daude beldurra pasatzeko haina urruti. Luzea ongi babestua dago. “Plakeroa” bazara, gustatuko zaizu. Ez bazara, apururen bat edo beste pasatuko duzu.
Altura sentsazio gabeko bidea. Bilgune guztiak leku erosoetan daude eta bi paraboltez osatuta daude. Edozein arrazoiengatik bidetik jaisteko beharra suertatzen bazaigu, 60 metroko sokekin, bidea rapelatzeko prestatuta dago (R2, R4, R6 eta R8 bilguneak katez eta eraztunez hornituta). Hala ere L7 luzea hasi baino lehen, ezkerrera, bidea uzteko saihesbide bat dago (erlaitz belartsu handi batetik). L8tik aurrera hobe goitik irtetea.
Bideari eguzkiak goiz goizetik ematen dio. Bero asko egiten ez duen eguna aukeratu edo oso goiz hasi, bestela bero asko pasatuko duzue. Ur nahiko aurreikusi.

Iristeko: Canfrac herriko tren geltokira hurbildu eta errepidetik Candanchu aldera igotzen jarraitu. Eskuinera egiten duen bihurgune zabal batean Rioseta-ko eraikin militarra dago. Kotxea uzteko aparkaleku txiki bat dago (4-5 inguru sar daitezke) bihurgunearen erdi aldera, bere eskuinean. Errepidearen eskuinean, bihurgunea baino 100 metro lehenago, bada beste toki bat kotxea uzteko. Itzala du eta kotxe gehiago sartzen dira.

Hurbiltzeko: Errepidea gurutzatu eta eraikin militarra inguratzen duen bidezidorra hartu. Bide hori Tucablanca-ra igotzen da. Bidezidorrak, bi pinudien artean, linea elektriko bati jarraituz, gora egiten du. Zortzi zenbakiarekin margotuta dagoen argindar- zutoineraino igo behar gara. Bertan gaudela, hurrengo zutoin aldera bidezidorretik beste 50 m inguru igo ondoren, mugarri handi batzuk aurkituko dugu. Bidea utzi eta hartxingadi aldera igotzeko unea da (eskuin aldera). Zeharkatu eta hormaren oinarritik doan bidezidorrari jarraituz bidearen hasierara hurbildu. Harkaitzean izena jarrita dago eta, zertxobait gorago, bidearen izenarekin zinta bat duen parabolta dago. Kotxetik, guztira, 40-45 min.

L1 (60 m, 3 aseguru, 3b). Harmaila belartsuak eta plakatxoren bat. Albotik igota saihestu daitekeen luzea da. Oharra: luze honetan ipini ditudan aseguruei buruz ez nago ziur. Luzea ez genuen egin eta urrutitik ikusi genituenak jarri ditugu.
L2 (60 m, 6 aseguru, 4a). Hasieran, zati horizontal handi batera iritsi arte, harmaila belartsuak (2 aseg.). Bertatik diedro baten ezkerrean dagoen itsasgarritasunezko plaka oso etzanari ekiten zaio (4 aseguru).
L3 (35 m, 8 aseguru, 5c). Hasieran plaka etzan erraza (1 aseg). Ondoren pasagune fin batzuk dituen itsasgarritasunezko plaka. Oso ongi babestua. Bilgunea goiko diedroaren hasieratik 5 metro ezkerrera.
L4 (25 m, 10 aseguru, 5b). Euste leku onak dituen diedro bertikala hasieran (5 aseg.). Ondoren euste leku onak dituen sabai txiki bat. Ongi babestua dago eta oso ongi igarotzen da ezkerrean dagoen pinu txikiaren laguntzarekin. Azken metroak, euste leku oneko plaka bertikala. L3 eta L4 luzeak elkartzeko aukera dago (guk egin genuen).
L5 (35 m, 10 aseguru, 4b). Bilgunetik eskuin aldera irten. Itsasgarritasunezko pasaguneren bat duen plaka etzan hasieran. Gero harmailak.
L6 (45 m, 22 aseguru, 6b edo A0/5a). Hasieran 8 metro inguruko horma bertikala. Lehenengo 3-4 aseguruetaraino eskalatzen uzten da. Ondoren, modu askean, 6b izan daiteke, baina A0 modura oso modu erosoan egiten da, gehiegi luzatu gabe. Horma gainditu ondoren zailtasuna asko jaisten da (5a-ko pasagune motzen bat, baina gehiena 4b/c zailtasunekoa). Azken 15 metroak aldapa belartsu batetik doaz. Erraza eta ongi ekipatutakoa. Bidea uzteko saihesbidea dago erlaitz belartsu batetik ezkerrera eginez.
L7 (30 m, 14 aseguru, 4c).  Lehenengo 5 aseguruetan eskalatzen uzten den horma bertikala, euste lekuekin. Plakara irteteko estutu egin behar da. Ondoren plaka luze bat itsasgarritasunezko pasagune fin batzuekin. Oinetan fidatu behar da. Plakak gustatzen bazaizkizu, luze ederra.
L8 (20 m, 6 aseguru, 4b). Hasieran harmaila belartsuak. Ondoren, pinu txiki bateraino iristeko, harlauza bat eta plakatxo bat. Bilgunea pinutik metro batzuk eskuinera, erlaitz handi batean. Harkaitzarekin arreta pixka bat izan behar da (gehien bat behekoari ez ezer botatzeko), baina aseguruen hurbiltasunarekin lasai eskalatzen da.
L9 (25 m, 7 aseguru, 4b). Sabai handi baten azpian dagoen zati zabal belartsu batera irten arte harmailak, bertikalagoa den plakatxoren bat edo besterekin. Sabaia bere eskuinetik saihesten da. Seigarren asegurua niri konfiantza gutxi eman zidan harri handi batean jarrita dago. Ia hobe ez jartzea. Harkaitzarekin arreta pixka bat izan behar da (gehien bat behekoari ez ezer botatzeko), baina aseguruen hurbiltasunarekin lasai eskalatzen da. L8 eta L9 luzeak elkartzeko aukera dago (guk egin genuen).
L10 (30 m, 3 aseguru, 4c). Hasieran aldapa belartsu luze bat eta azken zatian, tarte bertikal motz bat duen ezproia.




Jaitsiera: Gailurretik ezker aldera begiratzen badugu eski estazioko Tucablanca-ko txabolak ikusten dira. Txabola horietara so eginez arroka gorriko harri-jauzi bat ikusiko dugu eta bere atzean berde kolore biziko zelai bat. Belaze horretan zig-zag egiten duen bidezidor baten arrastoak nabari dira. Bidezidor hori hartu eta bertatik jaitsi behar da. Bidezidorra apur bat utzita dago, baina galerarik gabe Rioseta-tik Tucablanca-ra doan bide nagusian uzten gaitu. Bide nagusiari jarraituz kotxera jaistea besterik ez da falta. Guztira 1h inguru.
  
Materiala: 18-20 zinta inguru+ bilgunerako materiala. L6 eta L3+L4 luzeetan, modu erraz batean, hainbat zinta berreskura daitezke. Kasu batzuetan zinta bat ipintzerakoan bestea belaunaren parean geratzen da. Friendsak eta fisureroak soberan.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 4h.
Nork ekipatua: Maite Ortiz, Carmelo Torrijo, Adolfo Asensio y Jesús Yarza, uztaila 2015.

2016/08/09

Col de los Ladrones 3 luzeko hainbat bide dituen eskalada eskola da. Horma errepidetik ikusten da. Bere gainean duen gaur egun abandonatuta dagoen gotorlekuak atentzioa deitzen du. Hurbilketa eta itzulia azkarrak direnez, eguneko beste jarduera bat osatzeko edota eguraldia ziurra ez den egun horietarako batentzat egokia izan daiteke. Hego aldera orientatuta dagoenez, ia egun osoan eguzkiak ematen dion horma da.
Deskribatzen diren bideak, nahiz eta ekipatuak egon, urrutiratzen dezente dituzte hainbat aseguruen artea eta, beraz, derrigorrezkoa da autobabesak eramatea (Totem Cams joko batekin nahikoa). Ekipamenduan ugari dira txapa handiko parabolt “militarrak” (12 mm-koak). Horrela  izendatzen ditut militarrak izan zirelako horma hauek ekipatu zituztenak.
Bideen izenak hormaren oinarrian margotuta daude letra handitan. Kontuan izan batzuetan militarrekin topo egin dezakegula bertan egiten baitituzte eskalada saioak. Hormaren sarreran bideen izenak eta zailtasunak adierazten dituen argibide-taula dago.

Iristeko eta hurbiltzeko: Canfrac-Estación herritik Candanchu aldera igo eta herritik irten eta berehala eskuinean geratzen den pista hartu (zubi bat gurutzatu behar da). Kotxearekin bere ezkerrean beste pista txikiago bat duen bihurgune bateraino igo pistari jarraituz (1 km). Inguruan kotxea utzi eta oinez hormara hurbildu. Hamar minutu inguru behar dira.

Rudolf (5c, 85 m, derrigorrez 5b)
Denetik duen bidea. Bigarren luzean aseguru batzuen artean dauden urrutiratzeak autobabestu behar dira. Lehenengo luzea zertxobait leundua, baina euste leku onekin. Bidearen hasieran bere izena margotuta eta txaparik gabeko esparrago handi bat ikusiko ditugu. Bidea lehenengo zuhaitzaren (lizarraren) eskuinean dagoen aseguru lerroa da.

L1 (30 m, 8-9 aseguru, 4c). Euste lekuak (bilatu behar direnak) dituen plaka. Amaiera aldera bi bilgune ikusiko ditugu. Aseguruen lerroari jarraitu ezkerrean dagoen bilgunera ia iritsi arte (metro bat beherago arroka-zubi bat) eta eskuin aldera zeharkaldi, emeki gorakorra, egin. Bigarren bilgunea pasa eta hirugarren bilgunea (gurea) aurkituko dugun horma-hobiraino jarraitu. Bilgunea bi parabolt militarrez osatua dago.
L2 (30 m, 5 aseguru, 5c). Zuzen irten eta bigarren aseguruan ezkerrera egin eta pitzadura batean dagoen iltzearen bila joan (iltzea zertxobait ezkutatuta). Kontuz! Ez jarraitu zuzen bigarren aseguruaren gainean ikusten den aseguru lerroari jarraituz. 6a+ (arriskutsua) zailtasuna duen saihesbidea da. Iltzetik zuzen, sabai txiki batera iritsi arte, igo eta goiko itsasgarritasun plakara igotzeko, bertan dagoen kanal-pitzaduraz lagundu. Estutu behar den pasagunea da eta kanal-pitzaduran friends bat ipintzea komeni da autobabesteko. Azken metroak itsasgarritasunezko plaka batetik doaz. Hemen ere azken aseguru eta bilgunearen artean urrutiratze bat dago, baina aukera gutxi daude autobabesteko. Bilgunea pitzadura handi baten barruan egiten da, zuhaixka baten parean (2 parabolt militarrez osatua).
L3 (25 m, 4 aseguru, 4b). Itsasgarritasunezko plaka. Pitzaduraren laguntzarekin lehenengo asegururaino igo (urruti) eta aseguratu bezain laster txapa urdin batetaraino 5 m inguruko zeharkaldi horizontala egin eskuin aldera. Hortik kateraino zuzen igo, txapatu bertan aurkituko dugun bilgunean eta ezproiari jarraitu. Bilgunea gailurreko hormaren oinarrian dagoen diedroaren ardatzean dago.

Materiala: 9 zinta + bilgunerako materiala. Totem Cams joko bat bigarren luzerako.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa. Ia egun osoan eguzkiak ematen dio.
Iraupena: 1h30min.




Flin (5c, 85 m, derrigorrez 5b)
Hau ere denetik duen bidea. Pitzadurak, horma, plakak eta kanal modukoak. Lehenengo luzean aseguruak urruti daude eta komeni da autobabesak eramatea. Bigarren luzea hobeto babestua dago, bina bertan ere ongi datoz friendsak. Bidearen izena hormaren oinarrian margotuta (zertxobait lausoa).

L1 (25 m, 2 aseguru, 4c). Erdian diedro-pitzadura bat duen plaka. Lehenengo asegurura iritsi baino lehen (urruti) lizar txiki batean zinta bat jartzeko aukera dago. Aseguruen arteko urrutiratzeak babesteko ongi datoz friensak.
L2 (30 m, 8 aseguru, 5c). Euste lekuak dituen horma bertikala hasieran, baina pasagune fin pare batekin. Zuhaixka dagoen aldera zuzen igo eta behin iltzea txapatu dugunean zuhaixka bere eskuinetik inguratu. Azken bi aseguru eta azken aseguru eta bilgunearen artean urrutiratzeak daude, baina friendsak ipintzeko pitzadurak daude. Bilgunea pitzaduraren barruan, bi parabolt militarrez osatua. Badago ere bilgunea metro bat ezkerrera, plakan, 2 kimikoetan egitea.
L3 (30 m, 4 aseguru, 4c). Bigarren asegururaino pitzadurari jarraitu. Zuzen jarraitzeak asegurua urruti dagoela plaka nahiko leun bat gainditzea suposatzen du. Beraz hobe da zertxobait eskuinera egin (pitzadurak duen joerari jarraituz) eta “Pepón Valenzuela” bideko bigarren bilguneko parabolt urdin batean aseguru bat jartzea. Kateraino zuzen igo, bertan dagoen bilgunean txapatu eta katearen laguntzarekin azken metroak egin. Azken bilgunea paraboltez osatua.

Materiala:  zinta + bilgunerako materiala. Totem Cams joko bat lehen eta bigarren luzerako.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa. Ia egun osoan eguzkiak ematen dio.
Iraupena: 1h20min.

Jaitsiera: Bi bideentzako berdina. Pistatik jaitsi eta metalezko hesi bat pasa ondoren, eskuinean jaiotzen den bidezidorra hartuz 10 minututan bidearen oinarrian izango gara berriro.



2016/08/05

Sendero Límite taldekoek Pared del Muro de la Cascada delakoan irekitako beste bide polita. Bideak sekulako granitoa du eta ingurunea ere bikaina da. Oso ongi ekipatua metrika 8ko paraboltekin eta, kasu batzuetan, harkaitzean zulatutako arroka-zubiekin (bitxia). Denborarekin zintak eraman beharko dira, gastatutakoren bat ordezkatzeko, baina orain ez dira behar.
Disfrutatzeko bidea da,  ez baita estutasunik pasatzen. Bilgune guztiak bi paraboltez osatuak daude hiru izan ezik: R1bis, ia lurrean egiten dena (parabolta + arroka zubia), R3bis (arroka-zubi handi batean) eta R6 (pinu handi batean). Guztiak leku erosotan kokatuta daude eta ia guztietan bikotearekin ikusmeneko komunikazioa dago.
Nahiz eta beroa egin, brisak noiz behinka ur-jauziko ur-tantak ekartzen ditu eta hori gertatzen denean eskertzekoa izaten da (hala ere, suposatzen dut hori airearen norabidea eta egunaren menpe egongo dela).
Aipatzeko zailtasun bakarra L5eko 5-6 metro inguruko diedro bertikal motza da. Diedro bitxia da bere ezker parteko harkaitza beltza delako eta eskuinekoa, aldiz, zuria. Zertxobait estutu behar den metro bertikalak dira, baina ez dago patiorik, ongi babestua dago 4 paraboltekin eta estutasun batean, apur bat luzatuz, A0 moduan egin daiteke.
Balneariotik igota bidea egunean egin daiteke (1h20min lasai-lasai igota) edo, inguruan ekipatu diren beste bideren bat egiteko asmoa badago, aterpean lo eginez. Guztiz, %100 batean, gomendagarria.

Iristeko: Balneario de Panticosa delakora hurbildu eta bertan dauden hainbat aparkalekuetako batean kotxea utzi.

Hurbiltzeko: Casa de Piedra aterpearen atzean jaiotzen den bidea (GR-11) hartu. Pared del Muro de la Cascadak osatzen duen zirkura iritsi arte bideari jarraitu (1h20min lasai-lasai igota).
Aterpean lo egiteko asmoa badugu oraindik beste hiru ordu laurdeneko igoera bat geratzen zaigu, “Subida del Fraile” izeneko igoera ezaguna. Aterpea luxu bat da eta bertako zaintzaileak oso jende jatorra. Gaua pasa ondoren, bidearen hasierara jaisteak beste 30 min inguru suposatuko digu. Izena agertzen duen plastikozko zirkulu laranja batek bidearen hasiera adierazten du.

L1 (30 m, 5 aseguru, 3c). Zulo eta txorrera pilo bat dituen plaka oso etzana. Lehen lau aseguruak harkaitzean zulatutako arroka-zubiak dira (bitxia).
L1bis: Oinez erlaitz belartsu batetik 30 metro inguru egin behar dira ezkerrera. Bilgunera iritsi baino lehenago zertxobait estutzen da, baina ongi babestua dago arroka-zubi batekin. Posible da R1bis bilgunetik eskalatzen hastea bertara oinez igoz, baina horrela sarrerako plakatxo bitxi hori eskalatzeko aukera galtzen da.
L2 (15 m, 4 aseguru, 4a). Aurreko luzearen antzekoa, baina zertxobait bertikalagoa. Labur azalduta, zulo pilo bat dituen placa etzana.
L3 (30 m, 7 aseguru, 4b). Aurrekoa baino bertikalagoa den plaka handia, baina oraindik zerbait etzana. Zailtasunean aurrekoaren antzekoa, baina finagoak diren zatitxo batzuekin. Luzeak eskuin aldera egiten du eta ipuru eta zuhaixka baten artetik amaitzen da. Oso ongi ekipatua. Jarraitzeko gogoarekin geratzen zara. L2 eta L3 luzeak elkar daitezke arazorik gabe.
L3bis: Eskuin aldera egin eta oinez, harkaitz koska bat jaitsi ondoren (parabolt batekin babestua),  bilgunera hurbildu (zinta more handi bat, arroka-zubi handi batean).
L4 (30 m, 8 aseguru, 4b).  Ezproitxoa inguratu eta bere mokoan lehenengo parabolta aurkituko dugu (gero, sokaren marruskadura gutxitzeko, hurrengo biak txapatu ondoren, komenigarria da hau askatzea). Luzea euste leku onak dituen horma motz batez osatuta dago hasieran eta ondoren euste leku ugariko plaka trinko batez. Eskalada eta zailtasun aldetik hirugarren luzearen antzekoa da.
 L5 (25 m, 7 aseguru, 5b). Bilgunetik eskuin aldera irten, eta igoz zeharkaldia egin ondoren, diedroaren oinarrian ipini. Hasieran estutu behar den zatitxo gogorra (2 aseguru). Gero antzekoa da, baina euste leku hobeagoekin. Bosgarren asegurua ipini ondoren, eskuinera irten eta seigarrena jartzerakoan berriro ezkerrera itzuli.
L6 (30 m, 6 aseguru, 4b). Plaka zeharkatzen duen pitzadurari jarraitzen dion luzea. Euste leku onak, baina zatitxoren batean oraindik zertxobait zikina. Jendea pasa ahala garbitzen joango da. Aurreko luzeekin alderatuta, hemengo honetan aseguruak zertxobait urrutirago daude. Bilgunea pinu handian.
L6bis: Erlaitz belartsu handi batetik, oinez, bilgunera hurbildu (15 m inguru). Makurgune batean paraboltak ikusten dira (bigarrena urre kolorekoa). “El Dorado” bidekoak dira (6a+). Gure bilgunea zertxobait eskuinera dago. Bi parabolt eta alboan arroka-zubi bat.
L7 (20 m, 5 aseguru, 4b). Ezker aldera egiten duen luzea. Lehenengo 3 aseguruetan euste leku onak dituzten blokeak aurkituko ditugu, baina zertxobait kanpora botatzen dutenak. Garrantzitsua da oinak ongi ipintzea. Bilgunea erlaitz belartsu handi batean.
L8 (30 m, 3 aseguru, 3b). Arroka trinkoz osatutako plaka oso etzana. Aseguruak urruti.



Jaitsiera: Garagardo freskagarri bat hartzeko 5-8 min inguruko igoeratxo bat geratzen zaigu. Denbora tarte horretan aterpean gara. Kotxera itzultzeko igoerako GR-11 bideari jarraitu beharko diogu.

Materiala: 8 zinta (11 zinta L2+L3 egiten bada) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan ez dira beharrezkoak, soberan daude.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa: Ipar-ekialdea. Itzala goizez.
Iraupena: 2h45min.
Nork ekipatua: Sendero Límite taldeko kideek.

2016/02/27

Urtarrileko azken egunetako eguraldi onak aprobetxatuz Aiztondora hurbildu gara San Miguel de Aralar izeneko bidea egitera. Horma honetako beste bide gehienen antzera arroka trinkoz osatutako plaketan eskalatzen da. Lehenengo luzean plakak nahiko etzanak dira, baina hortik Aurrera bertikalak dira. Plaka ez den horretan aipatu beharra dago azken luzeko desplomatuan eskuinetik ezkerrera egiten den zeharkaldia da. Arroka begetaziorik gabe, trinkoa eta kalitatezkoa.
Bidea oso ongi ekipatua dago. Urte osoan eskala daiteke. Jaitsiera bidetik rapelatzen egiten da, bilgune guztiak eraztunekin hornituta rapelatu ahal izateko.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (30 m, 10 aseguru, 4b): Bi plakatxo etzanak pitzadura bertikal baten oinarrian uzten gaituzte. Pitzadura hobeto gainditzen da bere ezkerretik.  Luzea “Clásica sur” bidearekin partekatzen da.
L2 (30 m, 8 aseguru, 5b): Pitzaduraren azpian jarrai arte zati erraza. Zuzen ekin eta posible dela ikusten dugunean ezkerrera pasa eta diagonalean ezker aldera igotzen den pitzaduraren laguntzarekin igo. Pitzadura gainditu ondoren plaka handi batera irtengo gara. Plaka hasieran txapen ezkerretik igotzen da eta gero eskuinetik. Bilgunea iristeko pasagune fin bat dago.
L3 (25 m, 8 aseguru, 5c): Lehenengo aseguruaren azpian jarri arte, zeharkaldi horizontal motz bat eginez ezker aldera irten. Oinetan fidatu beharra dago, baina hasieran dirudiena baino errazagoa da. Aurrez aurre itsasgarritasunezko bi pasagune fin dituen plaka luzea dugu. Lehenengo pasagunea lehenengo eta bigarren aseguruen artean dago. Bigarrena bosgarren eta seigarren aseguruen artean. Euste leku onera iristeko pasagune zertxobait luzea egin behar da. Hemendik aurrera aseguruen arteko distantzia zertxobait handitu egiten da. Azken metroetan oinentzat pitzadura bat dago. Bilgunera iristeko ezker aldera zeharkaldia egiten laguntzen du. Bilgunea zertxobait deserosoa.
L4 (20 m, 7 aseguru, 6a): Euste leku onak dituen diedro oker baten laguntzaz bilgunetik irten eta igotzen hasi. Lehenengo asegurua zertxobait urruti (5 m ingurura). Ezker aldera jo eta horman zintzilik dagoen harri handia gainetik pasa ondoren sabaiari ekin. Bertan, ezker aldera, zeharkaldi motz bat egin behar da. Desplomea gainditu ondoren, bilgunera iritsi arte, euste lekuak dituen plaka bertikaletik igotzen da.





Jaitsiera: Bidetik rapelatuz.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako material. Friendsak eta fisureroak soberan daude, ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h45min.
Nor ekipatua: FNDME-ko Ekipamendu Batzordeak berrekipatutako bidea.

2016/01/23

Bere albokoak diren “Anorexia” eta “Carla” bideen antzekoa da. Hala ere L2n duen riglosen hain ohikoak diren gilborra aurreko bi horietan daudenak baino gogorragoa da.
Bidea aurkitzeko zuhaitz txiki baten tamaina eta forma duen ipurua aurkitu behar da  hormaren oinarrian. Ipurua baino zertxobait gorago txapa ilunak dituen lerroa ikusiko dugu. “Victor García” bidea da. Ipurutik metro batzuk beherago zuhaixka baten eskuinean dagoen tartea ikusiko dugu. Bertara hurbildu eta metal koloreko txapa lerroa ikusiko dugu. Hori da geure bidea.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (25 m, 5 aseguru, 5a). Euste lekuak dituen plaka bertikala. Plaka hasieran begi bistaz dirudiena baino bertikalagoa da. Aseguruak ez daude gertu.
L2 (45 m, 8 aseguru, 6a). Bilgunetik eskuin aldera irten eta horma bertikal bat gainditu. Ondoren riglosen hain ohikoak diren gilbor kabroia dator. Aseguruak gertu ditu, baina besoz fuerte egon behar da. Dagoenarentzat pasagunea 5c mailakoa irudituko zaio. Ez dagoenari berriz 6a edo gehiago. Pasagunearekin zertxobait borrokatuz A0 modura gaindi daiteke. Sabaia gainditu ondoren eskuinera pasa eta kanal moduko bati ekin behar zaio. Igotzen goazen heinean kanalak bertikaltasuna galtzen doa. Azken 15 metroak plaka etzan batetik doaz.
L3 (15 m, 0 aseguru, II). Oinez igotzen den plaka oso etzana. Bilgunea parabolt batean (bestea txaparik gabe zegoen). Gorago, 5 metro ingurura, espoloiaren ertzean, 2 paraboltez osatutako bilgunea dago. Victor Garcia bidekoa da, baina bertan ere egin daiteke bilgunea.
L4 (20 m, 3 aseguru, 4c). Luzeko lehen erdian 5 metroko hormatxo bertikala duen plaka laburra. Gero bilgunera iritsi arte arroka trinkoz osatutako plaka etzanagoa. Bilgunetik 10 m gorago txapa horie eta eraztun handi bat duen parabolt handi bat (12 mm) duen beste bilgunea dago.



Jaitsiera: Oinez gailurrera igo. Bertan zinta eta kableak dituen ipuru handi bat aurkituko dugu. Bertatik 35 metro inguruko rapel bat egin behar da (70 metroko soka batekin nahikoa da). Ondoren bidezidor batetik jaisten da bidearen hasieraraino. Ipuruan ohikoa izaten da jaisteko errenkadak sortzea. Jende ugari eskalatzen dabilenean pazientzia apur bat izan beharko dugu.
Ez badugu inor aurkitzen, 20-25 minututan bidearen oinean gauzak jasotzen egon gaitezke.

Materiala: 8 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua).
Orientazioa: Hegoa. Eguzkia goiz goizetik.
Iraupena: 1h45min.
Nork irekia: Javier Oliván.

2016/01/14

2015eko abenduko azken igandean Antxon Gorrotxategi eta lagunek ekipatutako azken bidea egitera joan ginen. Bideak “Birra Moretti” du izena, Italiako ipar aldean asko edaten den garagardoaren omenez. Bidearen hasiera “Irati” bidea hasten den tokitik 50-80 metro eskuinera dago. Onena “Irati” bidearen ia hasieraraino hurbiltzea da eta ondoren bidea adierazten duen plakatxoa aurkitu arte eskuinera zeharkaldia egitea da.
Antxonek adierazten didan moduan “Irati bidea ekipatu genuenean, lekua aztertzen hastea erabaki genuen, baina ez genuen uste udazken honetan amaituko genuenik jada urria zelako eta sasoi honetan egunak motzak direlako. Izan dugun udaratxo luze honi esker amaitu izan ahal dugu”.
Nahiz eta bidea ia guztiz ekipatua egon, bere auzokidea den “Irati” bidean bezala, aseguru ugari arroka-zubietan ipinitako soka zatiak dira. Horrengatik eta zati batzuetan autobabesak ipini behar direlako, bidea semiekipatu modura sailka daiteke. Antxon eta Garoaren esanetan bide honetako ekipamendua beste bideetakoa baino urriagoa da bere arrokak fisureroen eta friendsen erabilera bultzatzen dutelako.
Ekipatzaileek garbiketa lan izugarria egin dutela nabari da. Hala eta guztiz ere badira lehenengo 3 luzeetan lurrez jantzitako zatitxo batzuk (jendeak errepikatzen duen heinean garbitzen joango da). Arrokaren kalitatea ona izan arren, bideak oraindik “basati” puntu bat erakusten du. Nabari da jende gutxik egin duela eta, hori dela eta, arreta pixka batekin ibili behar da seguruenik bloke edo harri solteren bat aurkituko dugulako. Hala ere harkaitz oneko zatietan arrokak “hozka” egiten du eta euste lekuak eta itsasgarritasuna oso onak dira. Trantsiziozko bi luze motzek (L2 eta L6) ez diote bideari xarmarik kentzen eta esan daiteke zailtasun aldetik bidea nahiko homogeneoa dela. Azken luzea, ur-tantako bi zati laburrekin, oso polita da. Sentsazio onekin utziko gaitu.
Guri haize asko egiten zuen eguna tokatu zitzaigun eta hotz handia pasa genuen. Ez genuen behar haina disfrutatu. Giro epelago batekin berriro errepikatzeko gogoarekin gaude.
Guztiz gomendagarria den bidea da. Antxonen beste ia bide guztiak bezala, klasiko handi batean bihurtuko da. Nahiz eta derrigorrezko zailtasuna handia ez izan (4c), ez dela hasiberrientzako bidea azpimarratu behar da. Fisureroak eta friendsak ipintzen ohituta egon behar da. Mendi eremuko bidea da, ez da eskalada eskola bateko bidea.
Azken aholkua. Jaitsiera harrobi barrutik egiten denez, bidea hau asteburuan egitekoa da, harrobia itxita dagoenean. Larunbata arratsaldea aproposa izan daiteke, baina hobe igandean egiten bada, harrobia guztiz itxita egoten baita egun horretan.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (40 m, 8 aseguru, 4b). Begetazioz aske dagoen lerro bati jarraituz, euste leku onak dituzten harmaila segida batetik doan luzea da. Zertxobait lurrez jantzia leku batzuetan (hala ere nabari da ekipatzaileek izugarrizko garbiketa lana egin dutela), baina jendeak errepikatzen duen heinean garbitzen joango da. Azken 10 metroak asegururik gabe zati erraz batetik, baina zertxobait lurrez jantzia eta arreta ipini behar zaion blokeren batekin. Bilgunea haritz handiaren enborrean egiten da.
L2 (25 m, 0 aseguru, II). Hurrengo luzera iristeko trantsiziozko luzea. Bilgunetik zuzen irten eta plakatxo bat bere ezkerretik inguratu. Bilgunea bi paraboltez osatua.
L3 (25 m, 4 aseguru, 4c). Gure eskuinean nabari den diedro aldera zuzen igo. Lehen asegurua bilgunetik 10-15 metrotara dago. Beraz autobabestu beharreko zatia da. Lehen asegurura iristerakoan kanal-diedrotik zuzen jarraitu. Gainditzerakoan erlaitz batera irtengo gara. Gure ezkerrean arroka trinkoa duen plaka bat dago. Bertatik igo behar da. Azken parabolta baino lehen pasagune fin bat dago, baina metro bat beharego, ezkerrean, pasagunean nahiko erosotasunez ematen ahalbidetzen duen ertz “salbatzailea” dago.
L4 (40 m, 10 aseguru, 5c). Lehenengo parabolt dagoen plakaraino iritsi arte igo kanal-diedro moduko bati jarraituz. Bilgunetik 5 m ingurura arroka-zubi bat dago, baina ez da bilgunetik ikusten. Lehenengo aseguru horretatik lehenengo parabolteraino 10 m inguru daude. Kanal-diedroa jarraitu behar da. Nahiko zati erraza da, baina autobabestu beharrekoa. Plakari ekin eta luzeko pasagune finena duen driedrora igo. Oinak ongi ipini beharreko pasagunea da. Indarra baino ezartzeak du garrantzia. Diedroak euste lekuak ditu, baina aurkitu behar dira. Bere oinarrian bigarren parabolta jartzeko pasagunea babesten duen iltze “salbatzailea” dago. Bigarren parabolt horretatik soka pasa ondoren hobe da iltzetik askatzea. Diedroa gainditu ondoren, eskuinera irten eta euste leku onak, baina zertxobait aldenduak, dituen plaka bertikal batetik igo behar da. Plaka eskuin aldetik errazago igotzen da, baina horrela aseguru batzuk ezkerrean geratzen dira, zertxobait ez eskura..
L5 (40 m, 8 aseguru, 4c). Ezker aldera irten eta euste leku onak dituen plaka bati ekin. Ondoren zertxobait atzera botatzen duen hormatxoa, baina euste leku handi eta onak dituena. Ondoren erresalte bat gainditu eta erlaitz handi batera irtengo gara. Bertatik luzeko azken plakari ekiten zaio. Plakaren irteeran pasagunetxo arraro bat dago. Parabolta txapatzeko gorputza okertu behar da. Pasagune hori gainditu ondoren, zertxobait eskuinera jo behar da. Aurrez-aurre espoloi moduko bat izango dugu (asegururik ez). Egokiena ikusten dugun tokitik igo. Arroka oneko eta euste leku oneko zatia da eta erraza autobabesteko.
L6 (25 m, 0 aseguru, 3b). Trantsiziozko luzea. Zuzen (edo eskuinetik) 5 m inguru igo eta zelai gune batera irtengo gara. Hurrengo bilgunera oinez hurbildu. Bilgunea arroka-zubi batean ipinita dago.
L7 (25 m, 8 aseguru, 4c). Bilgunetik zuzen igo eta harlauza-pitzadura gainditu lehenengo ur-tanten zatira iristeko. Eskaloi handiak eta arroka oso zimurtsua duen ur-tanten zatia da. Pitzaduraraino igo eta, berauetaz baliatuz, ezkerrera pasa eta hurrengo ur-tanten zatira hurbildu. Ekin bigarren ur-tanten zati honi eta gainditu ondoren ezker aldera egin. Bilgunea altzairuzko kablea duen arroka-zubian.



Jaitsiera: Karst ertzetik eskuin aldera (harrobi aldera) egin bidezidor baten arrastoak jarraituz. Bidea pintura gorriarekin eta mugarriren batekin markatuta dago. Hamar minututan harrobiaren goiko aldean egongo gara. Harrobi barruko pistetatik jaistea soilik geratzen zaigu. Guztira itzulerak 45 min. inguru suposa dezake.  

Materiala: 10-12 zinta + bilgunerako material. Bagak, friendsak eta fisureroak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Ekia aldea.
Iraupena: 3h15min.
Nork ekipatua: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanue (Iñaki Zuza eta Iosu Ulaciaren laguntzarekin), azaroa 2015.

2016/01/11

Rigloseko harriarekin lehenengo kontaktua izateko aukera polita. Oso ongi ekipatutako bidea da eta Riglosen hain ohikoak diren gilbor horietako bakarra dauka. Beste guztia plaketan zehar eskalatzen da. Plaka horiek han-hemenka zati bertikalagoak dituzte.
Bidea aurkitzeko Anorexia bidearen ezkerrean (8-10 metrora) dagoen parabolt lerroan jabetu behar gara. Lehenengo parabolta beltza da eta bigarrena grisa. Irakurri ditudan hainbat aipamenek zioten lehenengo eta bigarren parabolt beltzen artean distantzia handia zegoela eta L1eko azkeneko parabolt batek ez zuela txaparik. Bidea egin genuenean (2015/12/29) arazo horiek konponduta zeuden. Orain lehenengo bi txapa beltzen artean beste aseguru bat jarrita dago (txapa grisa) eta beraz lurreraino erortzeko arriskurik ez dago. Bestalde guk goiko aseguru guztiak bere txaparekin aurkitu genituen.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (35 m, 10 aseguru, 5c). Bideko zailtasun handiena den horretaraino ailegatu arte zati nahiko erraza eta euste leku onekin. Laugarren aseguruaren parean aurrez erasotzerakoan pasagune luze eta atletikoa duen gilborra dago. Pasagunean trabatu egiten bagara, metro pare bat eskuinera mugituz errazago irteten da. Ondoren, bilguneraino iritsi arte, arroka trinkoa duen eta harmaila segida bat aurkezten duen plaka etzana. Azken asegurua spit bat da (zertxobait ez eskura). Ez da zertan txapatu beharrekoa.
L2 (30 m, 7 aseguru, 5a). Lehenengo asegururaino iritsi arte (6 m ingurura dago) blokez jantzitako plaka etzana (erraza). Bertan horma bertikal bati ekiten zaio. Euste lekuak ditu, baina oinak ongi ipini behar diren horietako zatia da. Ondoren arroka trinkoa duen plaka etzanagoa. Eskuinean geratzen den zulo baten parean zati motz batean plaka zertxobait tentetu egiten da. Riglosen hain ohikoak diren gilborrik ez duen luzea da.
L3 (35 m, 3 aseguru, 5b). Bilgunetik irten eta berehala horma bertikal bat. Luzeko zailtasun aipagarriena da, baina euste leku onak ditu eta oso ongi babestua dago gertu dauden bi parabolten bidez. Ondoren luzea asko etzaten da eta harmailetatik igoz (ia oinez igotzen da) bilgunera iritsiko gara. Bilgunea txapa hori handi bat duen parabolt handi (12 mm) eta bakar batean egiten da.
L4 (20 m, 6 aseguru, 4b). Arroka trinkoa duen plaka bertikal batetik doan luze motza, oso ongi babestua. Txapa beltzak eta zilar kolorekoak txandakatzen dira. Bilgunea kate batez lotutako bi paraboltez eta eraztun batez osatuta dago. Metro batzuk gorago (10 m ingurura) beste bilgunea dago (R4bis). Txapa horia eta eraztun handi bat duen parabolt handi batez osatua dago.



Jaitsiera: Oinez gailurrera igo. Bertan zinta eta kableak dituen ipuru handi bat aurkituko dugu. Bertatik 35 metro inguruko rapel bat egin behar da (70 metroko soka batekin nahikoa da). Ondoren bidezidor batetik jaisten da bidearen hasieraraino. Ipuruan ohikoa izaten da jaisteko errenkadak sortzea. Jende ugari eskalatzen dabilenean pazientzia apur bat izan beharko dugu.
Ez badugu inor aurkitzen, 20-25 minututan bidearen oinean gauzak jasotzen egon gaitezke.

Materiala: 10 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua).
Orientazioa: Hegoa. Eguzkia goiz goizetik.
Iraupena: 2h.
Nork irekia: F. Guinda.

2016/01/04

Bideak ongi banandutako bi zati ditu. Behekoa, lehenengo 3 luzez osatutakoa, plaka etzanetarik zehar doa, beste guztia orokorrean arroka ona duten (aseguruak gertu dituen L4ko zati bat izan ezik) plaka bertikaletatik doa. Bidea oso ongi babestua dago eta larritasun gutxikoa da. Azken luzea hormaren goiko aldean dagoen erlaitz erraldoiaren ostean dago eta ez du altuera sentsazioa sortzen. Beheko luzeetan asegururen bat edo batzuk saltatzeko aukera dago (bakoitzak erabakitzen duenaren arabera).
Leku polita eta lasaia. Abenduak hasierako zubian egindako bidea.
KONTUZ! Araututako eskalada. Uztailak 31tik abenduak 15era soilik eskala daiteke. Araua errespetatu.

Iristeko: Hurrengo sarrera irakurri (Els Ports).

Hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (50 m, 6 aseguru, 3a). Ia oinez igotzen den plaka oso etzana. Aseguruak jarraitu. Nahi baldin bada, asegururen bat edo batzuk salta daitezke.
L2 (25 m, 6 aseguru, 3b). Plaka etzana, aurrekoa baino zertxobait tenteagoa.
L3 (20 m, 4 aseguru, 3c). Bigarren aseguruan erresalte bat duen plaka etzana. Erresaltzea bere eskuinetik saihestu daiteke. Hobe L2 eta L3 luzeak elkartzea.
L4 (25 m, 9 aseguru, 5a edo 4c/A0). Euste leku onak dituen plaka bertikala hasieran. Ondoren ezker aldera, ipurua ikusten den leku aldera, joan. Ondoren euste leku txikiak dituen plaka bertikaletik zuzen igo behar da. Euste leku horietako bateren batekin arreta izan behar da. Hala ere zati horretan aseguruak gertu daude eta ez da larritasunik pasatzen.
L5 (25 m, 6 aseguru, 4b). Arroka ona eta “bolo” onak dituen plaka bertikala. Bilgunera hurbiltzen garen heinean plakak bertikalitatea galtzen du. Hobe L4 eta L5 luzeak elkartzea (L4ko bilgunea zertxobait deserosoa da).
L5bis. Gure ezkerrean dauden zuhaitzetaraino dauden 15 metroak oinez egin.
L6 (25 m, 10 aseguru, 5c+ edo 4c/A0). Zuhaitzaren enborraren laguntzarekin igotzen den plaka bertikala hasieran. Ondoren arroka trinkoa duen eta ezkerretik eskuinera doan espoloitxo moduko batetik jarraitzen da gilbortxo baten oinarrira iritsi arte. Bertan dago bideko pasagune zailena. Oso ongi babestua dago, goian, justu bere lekuan, dagoen parabolt batekin. Pasagunea gainditzerakoan bilgunera iritsteko euste lekun onak dituen plaka bertikal batetik igotzea soilik geratzen zaigu.



Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bilgune guztiak (L4koa izan ezik) bi parabolt eta eraztunez osatuak daude.

Materiala: 10-16 cintas (luzeak elkartzen badira ala ez) + bilgunerako materiala.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Hego-ekialdea. Eguzkia, goiz goizetik.
Iraupena: 1h45min
Nork ekipatua: M Huguet eta I. Monsonís, abendua 2012.